
Aurtengo negua San Sebastian ermitan eman ondoren, orendaindarrek eliza inauguratu zuten joan den hilean. Elizkizunetara bildu zirenek, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzaiarekin batera, meza eta hamaiketako eder batekin ospatu zuten, martxoko lehen igandea.
Hasieran egindako aurrekontua motz
Arrate otermin
Jasokundeko Amaren Elizak berrikuntzak behar zituela eta, aurtengo negua San Sebastian ermitan eman ondoren, martxoaren lehen jaiegunean buelatatu ziren orendaindarrak herriko elizara. Elizak izandako berrikuntzak asko dira. Hasiera batean, teilatua konpontzeko asmoa zenak, dorrearen zaharberritzea eta ataria guztiz berriztatzea ekarri ditu.
Horretaz gain, eliz barruan ere izan da aldaketarik eta berrikuntzarik. Elizaren tamaina handia dela eta, elizaren atzeko aldea itxi eta beste gelatxo bat egin dute. Modu horretan, neguan ospakizunetara biltzen direnak, beroago eta goxoago egoteko aukera izango dute.
Hasierako aurrekontua motz
Behin, proiektua eta aurrekontua prest zirela, Orendaingo alkateak eginiko gestio baten bidez, dirua izateko aukera gertatu zen. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro jarri zituen. Bestetik, aldiz, lanak aurrera eramateko falta zen gainerako dirua, hiru zatitan banatu zen. Zati bat Udaletxeak jarri zuen, Gotzaitegiak, bestea, eta Orendaingo elizak, azkena.
Hasierako aurrekontuak ez ziren, ordea, nahikoak izan lan guztiak egiteko. Lanak aurrera joan ahala, hasiera batean kontuan hartu ez ziren bestelako berritze batzuk egin behar izan ziren, elizako leihoak edota bigak, esaterako. Ustekabeko hauek guztiek, zorrak sortu dituzte.
Dorreak eman du lan gehien
Lanak 10 hilabetez luzatu dira azkenean. Lehenik, kanpoaldea bota eta aldamioak jarri zituzten, eta ondoren, dorrean hasi ziren lanean. Baina langileak dorrera igo zirenean, hau, uste zena baino okerrago zegoela konturatu ziren. Ondorioz, lanak zaildu-eta uste baino denbora gehiago eman zuten bertan. Behin dorrea amaituta zegoela, teilatuan egin beharrekoak nahiko azkar joan ziren, eta baita gainerakoak ere.
Era berean, lanek izandako berezko eragozpenez gain, aipatzekoa da, aurtengo negua lehorretik joan bada ere, langileek teilatuaren zati handiena kendua zutela, euri jasa bota zuela. Gertaera honek ere, lanak luzatzea ekarri zuen.
Martin Carrera arkitektoa
Martin Carrera Aranburu arkitektoa (Beasain, 1713) izan zen Orendaingo elizaren obrei amaiera eman ziena. Elizak, XVI.mendeko ezaugarriak ditu, beraz. Garai batean Carrera arkitektoak bukaturiko lanen ondoren, Landu eraikuntzak lekukoa hartu-eta bueltatu dio elizari, berezko duen handitasuna. Orendainek, horren herri txikia izaki, hurrun bistaratu daitekeen eliza du. Ezaugarri esanguratsuenen artean, kanpandorrea, barruko kapitelak eta Kristo ditu.
Carrerak, Orendaingo elizaz gain, Tolosako Andre Mariaren elizako bi dorretxeak eta kanpandorrea, eta Ibarrako eliza eta zubia egin zituen; ondare bat baino gehiago utzi zituen bailaran.
############
«Eliz ataria berritzearekin, elizara sartzeko bidea erraztea lortu dugu»
Jose Inazio eguzkitza ðParrokoa
Orendain Berrikuntzak egin dituzte elizan, eta jendea oso gustura dago, batik bat, atarian egin diren aldaketekin.
Arrate otermin
Orain 9 urte etorri zen Jose Inazio Eguzkitza (Aia, 1956) parrokoa Orendaingo elizara. Bera Orendainera etorri aurretik ere, bazen eliza berritzeko asmoa; baina orain urte batzuk izandako euriteek eta haizeteek egindako kalteen ondoren, erabaki zuten elizaren teilatua konpondu, eta beste berrikuntza batzuk egitea. Gaur, Orendaingo elizan aritzeaz gain, inguruko beste 7 elizetan ere parroko da Jose Inazio. Baina ez da bakarrik ari lanean, baditu inguruan makina bat laguntaile ere.
Noiz hartu zenuten eliza berritzeko erabakia?
Urteak zeramatzan elizak egoera txarrean, eta hona iritsi nintzenerako, bazen eliza berritzeko kontua. Gainera, teilatua oso ahul zegoen, eta orain dela lau urte, izugarrizko euriteak eta haize boladak izan ziren. Ondorioz, teilatu gehiena haizeak eraman eta teila mordo bat lurrera erori ziren. Eta teilatuak kalte handiak izan zituen. Orduan, seguruarengana jo genuen. Baina segurukoek teilatuak izan zituen kalteak, haizeak ez, baizik teilatuak zuen egoera kaxkarra medio gertatu zela argudiaturik, izandako kalteen zati txiki bat ordainduko zutela esan zuten. Gertatutakoaren ondoren, konponketak aurrera eramateko proiektua eta aurrekontua prestatzen hasi ginen. Teilatuaren kontu honekin, berriz, teilatuaz gain, dorrea ere ez zegoela ongi ikusi zen. Azkenean, elizaren teilatua, dorrea eta eliz ataria bera ere berritzeko erabakia hartu genuen. Azken lan honekin, elizara sartzeko bidea erraztea lortu dugu.
Barrutik berrikuntzarik...?
Barrutik, bere garaian, auzolanean, lurreko egurra egina zegoen; eta orain, egurra lixatu, garbitu eta berniza eman zaio. Horretaz gain, korupea itxi dugu, negu garaian, epeltasunean, txoko txiki horretan ospakizunak egiteko.
Herriko jendea gustura?
Badirudi gustatu zaiela. Eliza handia bada ere, lehen ez zen antzematen. Elizak zuen egiturarengatik ere, ez zirudien dorreko harria ere horrelakoa zenik. Gaur kanpoldean geratu den arkupea, leku itxia zen, eta zakar guztiak pilatzen ziren zoko bat besterik ez zen. Orain, berriz, beste itxura bat du elizak.
Elizan, teknologia berrien inguruan, berrikuntzarik bada?
Gaur egun, ospakizunetan erabiltzen den teknologia-edo, kanoia da. Kanoiaren bidez, kantuen letrak edota irudiak bota ditzakegu. Esaterako, pasioa edo nekaldia irakurtzerako orduan, irudi batzuk botatzen joateko-eta , erabiltzen da. Bestalde, elizetan sartzen ari den teknologiarik berriena, megafoniarena da. Entzuteko tresneriaren inguruan berrikuntzak egiten ari gara. Adibide bat jartzearren, Albizturgo megafonia izan da berritzen azkena; eta orain, bertako megafonia, erabat digitala da. Megafonia berria jarritakoan, teknikoek neurketa batzuen bidez, soinu barra bat ezartzen dute. Honekin, eliza guztitan berdin-berdin eta aldi berean entzuten da ahotsa. Teknologia berri hau, ongi etorria da gurean, izan ere, elizetan sortzen den oihartzuna desagertu egiten da, eta garbi-garbi entzuten.
Eta zure egunerokotasunean, teknilogiak badu tokirik?
Ordenagailua, nahigabe sartu zaigu-eta, niretzat, halabeharrez eraman eta erabili beharrekoa zait.
############
Erakusketak
Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24
Deialdiak
BECera autobusak Euskararen Egunean
TOLOSA, - 2008-11-15
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.