
Jexuxmari Ormaetxea izan da garaile bigarren saioan
Orendain Gipuzkoako Sega Txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zen igandean; honen ostean, 'Urki' da nagusi.
erredakzioA
Jexuxmari Ormaetxea Urkik irabazi du Gipuzkoako Sega Txapelketako bigarren jardunaldia. Pasa den igandean, Orendainen jokatu zen norgehiagokan eskualdeko bost segalari lehiatu ziren. Belar berde eta astun samarra izan zuten lehiakideek, eta euririk gabe jokatu zen saioa. Oso giro aproposa egin zuen segarako.
Bertako segalariak 178 kiloko aldea kendu zion Arkaitz Arteaga bigarren sailkatu gazteari. Bestalde, 228,5 kiloko diferentzia atera zion Andoni Goikoetxeari eta 293koa Mikel Aranalderi. Azkena sailkatzen Garikoitz Etxeberria izan zen. Aipatutako kilo horien baitan daude ere segalari bakoitzari ezarri zitzaizkion penalizazioetako kiloak. Horri dagokionean, aipagarria izan da Arteaga segalaria, ez baitzuen penalizaziorik jaso, eta, gainera, igandekoan bigarren sailkatu zen.
Orendaingo bigarren jardunaldia, kiloetara jokatu zen eta lehian ziharduten bost segalariek ordu erdiko lana egin zuten. Urkik eta Goikoetxeak bosgarren sailari ekinda agortu zuten denbora. Lehen saila batera ebaki zuten Ormaetxeak, Goikoetxeak eta Etxeberriak. Minutu erdira Aranaldek eta minutu eta 16 segundora Arteagak. Bigarren saila, berriz, Orendaingoak ebaki zuen azkarren, eta minutu eta 27 segundora Goikoetxeak. Hirugarren saila ere Urkik ebaki zuen azkarren (19:20), eta bigarren Goikoetxeak (20:14). Laugarren saila ebakita, Urkik minutu bateko aldea kendu dio Goikoetxeari.
Hirugarren jardunaldia igande honetan jokatuko da, Errezilgo Etumetan, 18:00etatik aurrera.
############
GIPUZKOAKO SEGA TXAPELKETA
Bigarren jardunaldia
Jexuxmari Ormaetxea Urki (Orendain). 2.105,5 kilo (penalizazio bat jaso zuen; +20 kilo). 10 puntu.
Arkaitz Arteagaa (Baliarrain). 1.927,5 kilo (penalizaziorik ez zuen jaso). 8 puntu.
Andoni Goikoetxea (Gaztelu). 1.877 kilo (penalizazio bat jaso zuen; +20 kilo). 6 puntu.
Mikel Aranalde (Gaztelu). 1.812,5 kilo (bi penalizazio jaso zituen; +40 kilo). 4 puntu.
Garikoitz Etxeberria (Amasa). 1.684,5 kilo (bi penalizazio jaso zituen; +40 kilo). 2 puntu.
Sailkapen orokorra
Jexuxmari Ormaetxea Urki (Orendain). 13 puntu.
Andoni Goikoetxea (Gaztelu). 11 puntu.
Arkaitz Arteaga (Baliarrain). 9 puntu.
Mikel Aranalde (Gaztelu). 8 puntu.
Garikoitz Etxeberria (Amasa). 4 puntu.
############
Erakusketak
Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24
Deialdiak
BECera autobusak Euskararen Egunean
TOLOSA, - 2008-11-15
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.