Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Orendain
2008ko abenduak 2, Asteartea

;2008-07-01;Gipuzkoako Sega Txapelketako lehen txapela eskuratu du 'Urki'-k

Gipuzkoako Sega Txapelketako lehen txapela eskuratu du 'Urki'-k

Sega ðð Bigarren Goikoetxea izan da, atzetik Arteaga eta Aranalde izanik; lauak Euskadiko Txapelketan ariko dira.

NEREA URBIZU

Igandean Zaldibian Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatu zen eta espero zen bezala, Jexux Mari Ormaetxea Urkik eskuratu zuen txapela, «merezita gainera». Zazpina sail ebaki behar zituzten eta orendaindarrak lana bukatuta zeukan, beste segalari guztiak 6. sailarekin ari ziren bitartean. Ia ehun kiloko aldearekin nagusitu zen.

Lehenengo saila «berehala» bukatu zuten denek: jadanik honetan Urkik nagusitasuna erakutsi zuen, Aranalde hurbiletik izanik. Saio ederra egin zuen Urkik.

Hiru sailkapen proba egin ondoren, lau segalarik lortu zuten finalerako txartela. Ormaetxeaz gain, Andoni Goikoetxea, Mikel Aranalde eta Arkaitz Arteaga ere aritu ziren. Ordubeteko lanean, 2.689 kilo belar ebaki zituen Orendaingoak. Bere atzetik, 94,5 kilo gutxiago ebakita, bigarren postuan geratu zen Andoni Goikoetxea gazteluarra. Hasieratik aurrea hartu zuen Urkik, eta hirugarren saila bukatutakoan Goikoetxea aurretik jarri bazen ere, Orendaingoak buelta eman zion saioari.

Eskualdeko lau Gipuzkoakoan

Hiru jardunaldiko sailkapen liga jokatu ondoren, ondoko lau segalariak sailkatu ziren igandeko finalerako: Urki, Andoni Goikoetxea, Mikel Aranalde eta Arkaitz Arteaga. Sailkapeneko lehen jardunaldian Goikoetxea gailendu zen, nazioarteko eran. Hurrengo bietan, ordu erdiko saioan zeinek belar-kilo gehien ebaki, Urki gailendu zen. Igandekoan ordubete lana bete behar izan zuten lau segalariek.

Belarrari dagokionez, lehen ebakialdikoa zen eta handi samarra; beraz, aitzakiarik ez zuten izan segalariek. Ebakitako kiloek erabaki zuten sailkapena, baina txukuntasuna ere aintzat hartu zenez, bi segalarik jaso zute penalizazio bana: Urkik eta Goikoetxeak. Penalizazioa 20 kilokoa izan zen.

Euskadiko Txapelketara

Guztira 150 ikusle inguru bildu ziren Zaldibiko Ibarburuko zelaian. Orain, bertan aritu ziren lau segalariak Euskadiko Txapelketan ariko dira abuztuaren 10ean, Leitzako festen baitan. Bertan Gipuzkoako Txapelketako finalean aritu- tako laurak gehi Jon Kanflanka ariko dira.

I. Sega Liga nazioarteko eran

Larunbatean Almitza sega elkarteak antolatutako nazioarteko erako Euskal Ligako hirugarren jardunaldia izan zen eta Gabirondotarrak nagusitu ziren. Joxe Gabirondo dago sailkapeneko lehen postuan, Altzoren aurretik. Jokin Garmendia baliarraindarra 4. postuan dago eta 7. Kanflanka.

Emakumezkoen artean Maria Luixa Gabirondo dabil hobekien, 2,31ko denbora eginda. Bigarren eta berarengandik oso hurbil Garin legorretarra dago, eta 3. lekuan Mazkiaran altsasuarra.

Parte hartzen ari diren segalari guztiak hilaren 13an berriz ariko dira Asteasun, 17:30ean. Asteasukoa barne, hiru jardunaldi gelditzen dira liga bukatzeko. Guztira, 29 gizonezko eta 10 emakumezko ari dira, eta eskualdeko 19 dabiltza.

############

sailkapena

Lehenengoa. Jexux Mari Ormaetxea Urki (Orendain): 2.689 kilo, penalizazio bat; 20 kilo gutxiago.

Bigarrena. Andoni Goikoetxea (Gaztelu): 2.594,5 kilo, penalizazio bat; 20 kilo gutxiago.

Hirugarrena. Arkaitz Arteaga (Baliarrain): 2.553 kilo, penalizaziorik ez.

Laugarrena. Mikel Aranalde (Gaztelu): 2.413,5 kilo; penalizaziorik gabe.

############

############

«Konfidantza nuen nire buruarengan eta entrenatzen ere ondo aritu naiz»

JEXUX MARI ORMAETXEA ðSegalaria

Orendain ðð Gipuzkoako Sega Txapelketa irabazi du aurten; lortutakoarekin «gustura» dago segalari orendaindarra.

N. URBIZU

Jexux Mari Ormaetxea Urkiren Gipuzkoako Sega Txapelketako lehenengo txapela eskuartean hartu zuen herenegun. «Oso pozik» egoteko arrazoiak baditu (1974, Orendain). Orain, Euskadiko Txapelketari helduko dio.

Faborito zinen Zaldibian, baina nola ikusi zenuen zure burua?

Hasieran aurrea hartu nahian ibili ginen denak. Baina jardunaldiaren erdialdetik aurrera Goikoetxearen eta nire artean zegoen txapela. Azken bost minutuetan nik maila mantendu egin nuen, eta Goikoetxeak esfortzu gehiago egin behar izan zuen mantentzeko. Azkenean, nik bukatu nuen lehenago. Kanporaketetan errazago egin nuen lana, lasaiago egin nuelako lo eta azken batean, etxean egongo bazina bezala egiten duzu lana.

Espero zenuen?

Aurretik ondo sentitzen nintzen, eta iaz baino hobeto nengoen. Aurreko bi kanporaketetan lehenengo egin nuen ere. Baina final bat beti final bat da, eta kontua izan behar da, ez dakizulako nola erantzungo dizun gorputzak, presio hori daukazu. Baina konfidantza nuen nire buruarengan eta entrenatzen ere ondo aritu naiz. Azkenean nik nirea egin nuen.

Zure lehen txapela. Pozik?

Nire lehenengoa, bai. Askotan bigarren edo hirugarren egin izan dut, baina txapela garestia da. Beti atzetik ibili naiz eta ez zen ailegatzen. Gustura nago lortutakoarekin.

Penalizazio bat izan zenuen.

20 kiloko penalizazioa jaso nuen. Nire ustez, azken sailekoan izan zen, azkenera arte ondo ibili nintzela iruditzen zait. Azken honetan kolpea bota nuen baina behera ez zen ailegatu eta ondo ebaki gabe utzi nuen. Igandeko belarra pixu askokoa zen, gogorra. Kargaren kontua baino, ebakitzeko zaila zegoen.

Ia 100 kiloko aldea atera zenion Goikoetxeari.

Baina ez da hainbeste belar mota horrekin, azken batean, belarra gogorra zen. Belarra arinagoa baldin bada asko izan daiteke, baina kasu honetan ez zait hainbeste iruditzen.

Orain Euskadikora joango zara.

Abuztuaren 10ean izango da Leitzan (herriko festetan). Bertan ariko gara herenegungoak, gehi Leitzako Jon Kanflanka. Denbora gehiegi dugu aurretik, hilabete eta erdi ia-ia. Igandekoak prest geunden, puntu-puntuan eta gorabehera handiak egon daitezke orain tartean. Batzuk hobetu egin dezakete, baina bestela, hori aztertu beharko da; nola entrenatu, zenbat aritu, ondo kalkulatu behar da.

Finalerdirik ez da izango?

Ez. Bizkaiko inor ez da aurkeztu, Nafarroan hiru ziren hasiera batean baina azkenean Kanflanka dago bakarrik. Gutxi geratu gara, zuzenean denak final handian izanik. Egia esan, pena da Bizkaitik inor ez izatea.

Bere alde onak ere baditu horrek.

Bai, baina herenegungoak, adibidez, arerio gogorrak dira. Txapela nahi duenak lana egin beharko du, igandean egin genuen bezala. Txapela denentzat egongo da garesti.

############

Agenda

Erakusketak

'Errusiarako leihoa'
TOLOSA, Aranburu Jauregi - 2008-11-29

Erakusketak

Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.